XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Heu palmondo baten gerizpean hago, eguzkiak buruan kalte egiten baitik.

Begiratu egiten diek berriro. Zain zeudek, hi hasteko zain zeudek.

Patxadaz hartzen duk hik kontua. Mutikoen tenplea aztertu nahi duk. Hire ikasleak ezagutzen hasi nahi duk.

Batzuen egonezina sumatzen duk eta poztu egiten haiz, heu horrelakoa baihintzen umetan: ipurterrea.

Nerbioei eusten orain badakik eta beraiek ere ikasiko ditek.

Batzuei ikasketa bereziki gogorra egingo zaiela badakik, heuk heugan sofritu baihuen.

Hala ere, ez ditek amore emango, orain artean inork ez du eman eta.

Argizari-geruza mehe batez estalitako oholtxoa belaunen gainean jarririk zeukatek.

Eskutan idazteko puntzoia.

Hire baitan barre egiten duk, zenbaitzuk puntzoiari nola heltzen dioten ikustean. Eskribarako ikasi ordez, harakinerako ikasi behar dutela zirudik.

Une egokia heldu duk. Hastea erabaki duk.

- Adoratzen zaitut Amon Ra, zeruko erregerik argiena, egunero ekialdetik ateratzen zarena eta arratsaldean betiereko lurretara joaten zarena, Eternidadeko lurretara ni zurekin joan nadin lagun nazazu.

Pausaldia egiten duk. Ikasleak, heuk arbelean unetako esperientziaren ondorioz azkar eta arin eginiko irudiak, beren oholtxoetan ezin kopiatu zebiltzek.

Baldartasunez eta deboziozko beldur apur batez eusten zietek puntzoiei.

- Adoratzen zaitut Amon Ra, zeruko erregerik argiena, egunero... hasten haiz berriz ere, idatzi beharrean lehen marraztutako irudi eta zeinu desberdinak eskuaz seinalatzen ditualarik.

Habilenek idazketa bukatu egin ditek eta erne jarraitzen ziotek hire eskuaren higidurari.

Kopiaketa bukatu ezinik zebilek baten bat oraindik.

Hire ikasle garaia gogoratzen duk.